XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Geografia dialektal klasikoak bi paisaje edo landscape aurkezten dizkigu oro har:

erdigunearen ingurukoak direnak batetik; erlatiboki homogeneoak dira eta batasuna desberdintasunari nagusitzen zaio bertan hizkuntzaren aldetik.

Bestetik, eremu trantsizional biziki dibertsifikatuak ditugu; hauetan, arras distantzia laburretan desberdintasun dialektal sakonak aurkitu ohi dira (Taeldeman 1998: 20).

A priori jokaturik, Iruñerria konbergentzia eremutzat jo beharko genuke, hala orografikoki gora-behera handirik eta iragangaiztasunik ez duen eremua delako, hala hiriburua izanik munta sozio-ekonomiko eta kulturala zukeelako; pentsa genezake Iruñe aldamenetako ibarretako hizkerak neurri batean batu edo berdinkaratu dituzten hainbat hizkuntza-ezaugarri Iruñetik edo Iruñerritik hedatu diratekeela.

Hori dio ikuspegi intuitiboak, baina azterketa sakonak egin beharko lirateke hau guztia honela izan ote den aztertzeko ala Iruñe aldeko hizkera ere banaturik ote zegoen jakiteko; cf. Artola (1985: 99) eta Salaberri (1996).

Gure iritzian, Nafarroako hizkerak neurri batean bederen banatzen dituzten ezaugarri batzuk Iruñetik biziki hurbil iragaten dira:

ikusi besterik ez dago Oltzako hizkeratik Eguesibarkora badela aldea, nahiz orografiaren eta distantziaren aldetik honetarako arrazoi nabarmenik ez dagoen; bien artean, gainera, teorian bederen homogeneizatzaile lana bete lezakeen Nafarroako hiriburua dago.

Pentsa liteke, bestalde, Iruñeko edo Iruñerriko euskararen barrenean ere aldeak zeudela gune batetik bestera; dena den, hurrengo atalean itzuliko gara gai honetara.

Ustea dugu, bestalde, hizkuntzaren aldetik eten, banaketa edo konbergentzia eremu garden-gardenik ez den gurea bezalako lurraldeetan Eguesibar, Izarbeibar, Iruñerria, Oltza, Olloibar, Goñerria, Gesalatz inguruaz dihardugu, dialektometria txit onuragarri litzatekeela, batez ere bere eredurik kualitatiboena balia baleza; horretarako, ordea, alderatu daitekeen datu-oinarri bateragarri bat behar da ezinbestean, eta begien bistakoak diren arrazoiengatik hori orain ezina da guztiz.

Gainerakoan, euskaldunek Iruñean zer nolako multzoa osatzen zuten, zer nolako indarra izan duten beren hizkuntza ohiturek ingurumariko ibarretara hedatzeko eduki zezaketen ahalaren aldetik ikusirik batez ere eta noiztik eduki duten xeheki azterturik eduki beharko genuke, baina oraingoz azpigizarte euskaldunaren erakarpen indarrari buruzko lan diakronikorik ez dago guk dakigula, datu guti baitago.

Azkentsu honetan, Jimeno Jurioren 1997ko ikuspegia lazki kritikatzen duen Ciervide erromanistaren iritzia dugu:

La presencia real de vascohablantes en Pamplona fue un hecho posterior, de la segunda mitad del siglo XVI y del siglo XVII y fue el resultado de la inmigración interna, procedente de su entorno rural (1998: 511).

Historialarien iritzia ez da ordea, Cierviderena bera, eta toponimiako datuen arabera erreinuko hiriburuan euskara lehenagotik bizirik zegoela dioskute arlo honetan dihardutenek.

3. Nondik nora

Ingura gaitezen emaro-emaro geure lan eremura horretarako 16. orrialdean dakargun mapa baliatuz.